Editoriala
Prestakuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotutako gizarte berrikuntza da
|
|
“Gizarte Berrikuntza” Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politika Sailaren hobetzeko eta berritzeko jarreraren ondorioz sortutako proiektua da. Une honetan, gizarteko arlo guztietan ezinbestekoa da berrikuntza eta aldaketa prozesuak abian jartzea. Ildo horretatik, “Gizarte Berrikuntzaren” asmoa da “Hirugarren Sektore” gisa ezagutzen denaren alorrean parte hartzen duten pertsona eta entitate sozial guztien artean kontzientziak, ideiak, itunak eta aukera berriak astindu eta akuilatzea. Halaber, orokorrean gizarte arloan lan egiten duten merkataritzako enpresetan ere astintze eta akuilatze lan hori gauzatu nahi da.
Horretarako, Gipuzkoako gizarteari WebTV kanal baten bidez (www.gizarteberrikuntza.net) , bideo euskarrian aurkeztuko zaizkion gizarte berrikuntzako adibide praktiko adierazgarriak sakontasunez ezagutu ahal izateko aukera izatea aurreikusten da. Aldi berean, “gizarte-zerbitzu” gisa ezagutzen dugun esparruarekin lotura duen sare gipuzkoarraren lankidetza bilatuko da, adibide praktikoetan identifikatutako ideia, kontzeptu, esperientzia eta joera berrietan sakontzeko eta hobekuntza-esparruak, politika berriak, zerbitzu berriak edota itunak bilatzeko.
Ezaguera berri bat eskuratzeko modua nola alda dezakegun ikusiko dugu lehenik eta behin. Ezagutza bat eskuratzeak pertsona modura aldatzea eragiten badu, begi bistakoa dirudi ezagutza hori gauzatzeko modua aldatu beharko genukeela. KaosPilot gizarte ekintzailetzarekin lotutako prestakuntza-prozesuak nola berritu behar ditugun azaltzen duen esperientzia praktikoa eskaintzen duen prestakuntza zentroa da. Prestakuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotutako gizarte berrikuntza da. |
|
Gizarte entitateei zerbitzua eskaintzera bideratutako finantza-instituzio (banku bat) baten sorreran sakontzea izango litzateke bigarren esperientzia bat. “Banca Prossima” izeneko bankua hain zuzen. Esperientzia horren bitartez berrikuntzaren funtsezko beste arlo bat lantzen dugu, “ezarrita dagoena aldatzearen” ideia, hots, “beti horrela egin delako” mugigaitza dirudien hura aldatzea.
Zenbaitetan ezinezkoa dirudiena ere alda daitekeela barneratu ostean, berrikuntza prozesuan ardatz izango den beste faktore bati begiratuko diogu: ezberdinen arteko lankidetza. Horretarako, bada duela hiru urte Holandako Gobernuak berak, gizarte gaietako, ekonomiako eta hezkuntzako ministerioen bitartez abiarazitako esperientzia bat. Esperientzia hori langile elkarteek, sindikatuek, unibertsitateek eta ikerketa zentro batek osatutako erakunde bat bilakatu zen. Entitate horren izena NCSI da, gizarte berrikuntzari buruzko ezagutza sortu eta barreiatzea du xede.
Bukatzeko, une honetan pentsamendu-prozesu aurreratuenak zein diren ezagutzeko aukera izango dugu, apika, berrikuntza-prozesurik korapilatsuena dena garatuz: sormena. MIT (Massachussets Institute of Technology) delakoak, Sloan School bere negozio-eskolaren eta Stanfordeko Unibertsitatearen eskutik, gizarte berrikuntzaren etorkizuneko joerak zein diren erakutsiko digu, ikuspegi zabal eta diziplina anitzeko batetik.
Horrenbestez, “Gizarte Berrikuntza” proiektua gizarte arloa ulertzeko eta lantzeko bestelako bide batean ematen den lehen urratsa da, esparru horretan egiten den lan eskergari alternatiba iraunkor eta errentagarriak eskaintzeko abagune bat.
<<
|